Zinema
Muga barik
Atal honetan, munduaren inguruan dauden sentsibilitate desberdinetako istorioak proiektatuko ditugu, bai gertaera historikoenak, bai gaur egungoak.
Zinema
Atal honetan, munduaren inguruan dauden sentsibilitate desberdinetako istorioak proiektatuko ditugu, bai gertaera historikoenak, bai gaur egungoak.
"Bioko uharteko ume galduak"
«Bioko uharteko ume galduak»dokumentalaren aurkezpena Bilbon
• Beste sasoi batean, Fernando Póo izena eman zioten uhartean (gaur egun, Bioko, Ekuatore Ginean) gertatu zen espainiarren kolonizazioari eta horrek bubien herrian izan zuen eraginari buruzko ikerketa-lana da.
• Ekitaldian, Angie Carlota Lohoba dokumentalaren ekoizleak eta Edmundo Sepa Bonaba soziologo, idazle eta ikerketa-aholkulariak hartuko dute parte.
ERIA TVk ekoitzi eta Barbara Bohula Michels-ek zuzendutako dokumental horrek bubi herriaren ia erabateko sarraskiaren benetako arrazoia jorratzen du, Ekuatore Ginean dagoen Fernando Póo uhartean (gaur egun, Bioko uhartea) espainiarrek egindako kolonizazioan eta XV. mendearen eta XX. mendearen hasieraren artean, bubiak Europara eta Ameriketara esklabo eramateko bahiketan oinarri hartuta.
Lehen pertsonan kontaturiko testigantzen bidez, dokumentalak azaltzen du afroamerikar talde batek, bubien ondorengoez osatutakoak, bere benetako jatorria aurkitu zuela DNA proba baten bidez. Sepa Bonaba soziologo, idazle eta dokumentalean parte hartu duen ERIA TVko aholkulariak dioenez, «gai honi buruz ikertzen ari gara, orain arteko isiltasuna hausteko, hain isiltasun hermetiko eta zurruna hausteko, bubiek ere ez baitute ezer handirik jakin autuari buruz eta, jakina, zuzenbidez dagokigun kalteen ordaina eskatzeko».
Era berean, bubien herriaren historiaren ikertzaile horrek ondokoa adierazi du: «badakigu ez dela lan erraza izango, baina argi daukagu, salaketa-prozesu honi geuk ekiten ez badiogu, kaltedun eta zuzeneko interesdun garen aldetik, gure kasua ez dela inoiz aitortuko eta ez dela aintzat hartuko nazioarteko agendan Europan eta Ameriketan pertsona beltzen tratularitzan eta esklabotzaren biktima izan ziren herriei eragindako kalteak konpontzeko».
Dokumentalaren aurkezpenean, Edmundo Sepa Bonaba ikertzaileak eta Angie Carlota Lohoba ERIA TVko sortzaile eta dokumentalaren ekoizleak parte hartuko dute. Edmundo Sepa Bonaba Rilehon jaio zen (1951), Bioko uhartean (Ekuatore Ginea). Espainian bizi da 1968ko irailetik, eta Bartzelonan 1978ko ekainetik. Immigrazioan eta nazioarteko lankidetzan espezializatutako soziologoa da. Bartzelonako Abat Oliba Unibertsitateko Gizarte Ekonomiaren Katedrako irakasle laguntzailea da. 1989an sortutako eta Saharaz hegoaldeko Afrikan espezializatutako ETANE deritzon GKEko presidentea da. Egoitza Cotonoun (Beningo Errepublika) daukan GERDDES-Afrique (Groupe d’Études et de Recherche sur la Démocratie et le Développement Économique et Social en Afrique) elkarteko kide eta ordezkaria da Espainian. Afrikako Gizarte Foroaren Kontseilu Kontinentaleko kide behatzailea izan da 2006tik 2008ra, eta Kataluniako Garapenerako GKEen Federazioaren Zuzendaritza Batzordeko kidea 1993tik 1997ra. Els negres catalans. La immigració africana a Catalunya (1993, Altafulla i Fundació Serveis de Cultura Popular) liburuaren egilea da eta nazioarteko lankidetzari eta immigrazioari buruzko beste saiakera batzuk idatzi ditu. Gaur egun, Afrikako merkatuetarako enpresa-aholkulari gisa lan egiten du.