Aberri Eguna 1935
1935eko Aberri Eguna ekainaren 30ean ospatu zen Iruñean.
1935eko udaberrian bizi izan zen egoera politikoaren ondorioz, Aberri Eguna ez zen Pazko Igandean ospatu. Horren ordez, Aberri Eguna ekainaren 16rako iragarri zen Iruñean, baina egun batzuk lehenago gobernuko agintariek egun horretarako antolatutako ekitaldi guztiak debekatu zituzten. Hala ere, abertzaleen kemenaren ondorioz, Aberri Eguna ekainaren 30ean ospatu ahal izan zen, baina Euzkadi-Eguna izenarekin, jatorrizko izena erabiltzea debekatuta zegoelako. Ordurako Estatutuaren prozesutik aldenduta eta askok Euskadiko kide izatea zalantzan jarrita, Nafarroak euskal nazio ideiarekiko atxikimendua erakutsi ahal izan zuen horrela.
Iruñea, Bilbo, Donostia edo Gasteiz bezala, gainezka egon zen EAJk antolatutako jai eta politika ekitaldietara joandako berrogei mila abertzale ingururekin. Eta ezarritako murrizketak gorabehera – ez zen manifestazio publikorik egon hiriko kaleetan zehar eta ezin izan zen hasiera batean Arturo Campióni eskainitako omenaldirik egin– jardunaldiak arrakasta handia izan zuen, Iruñeko zezen-plaza jendetsuan parte hartu zuten Gorte Abertzaleetako diputatuen hitzaldiek argi eta garbi distiratu baitzuten.