Elbira Zipitria Irastorza
Kulturgintzaren ordezkaririk esanguratsuenetako bat, bereziki ikastolen sorreran. Zumaian jaio zen, 1906ko maiatzaren 28an. Aita hargina zuen eta oso baliabide ekonomiko eskasak zituzten etxean. Maistra izateko ikasketak Donostian egin zituen, beka bati esker. II. Errepublikan lehen ikastola sortu zuen Donostian, Juan Bilbao kalean, Alde Zaharrean, Miguel Muñoaren lehen urratsei jarraipena emanez. Elbira Zipitriaren ibilbide profesionalak bi ardatz nagusi izango zituen harrezkero: Euskara eta berrikuntza pedagogikoa. Euskararen irakaskuntzari dagokionez, bere metodologiak aurrerapauso handiak ekarri zituen: euskal aditza irakasteko, gaztelaniaren gramatikaren hizkera baztertu eta “Nor-Nori-Nork” terminologia hasi zen erabiltzen. Francoren altxamenduaz geroztik, Sarera joan zen ihesi, Iparraldera. Ez zen luzaro geratu eta itzuli egin zen. 1943-44an, klandestinitatean eta ikasle bakar batekin, ikastola martxan jarri zuen berriz. 1968an, Estatuko Hezkuntza eta Zientzien Ministerioak zartako gogorra eman zion Elbirak erabili ohi zuen irakaskuntza pedagokiko berriari, ikasle guztiei “Eskolaritate Liburua” inposatuz. Hala, lege frankistetara moldatu beharra ikusi zuten eta Orixe ikastola sortu. Harrezkero, ikastolaren gorputz eta arima izan zen bere bizitzaren azkeneraino eta Hernaniko Urumea ikastola sortzen lagundu zuen. Haurrei ez ezik helduei ere irakasten hasi zen eta gaueko eskola sortu zuen haientzat, euskal gurasoak alfabetatzeko. 1982ko abenduaren 26an zendu zen.
Jonan Zinkunegi Arzelusek dohaintzan emandako eta Euskal Abertzaletasunaren Museoan gordetako irudia.
Inbentario zenbakia: 17/2488.
Neurriak: Altuera: 18 zm x zabalera: 17,6 zm