ERAKUSKETA IBILTARIA
Emakumeak Aberria Eginez. 100 años. Urduña
Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an sortu zen. Laster batean, baina, Primo de Riveraren diktadurak derrigortuta, isildu beharra izan zuen. Hala ere, emakumeak ez ziren geldi egon, ze, Errepublikarekin batera EAB berrantolatu egin zuten. 1931ko udaberrian Bilboko EAB abiatzeaz batera, egoitza berriak sortu zituzten herriz herri, Emakume Batzaren biziberritze prozesuari sendotasuna emanez.
1931ko abuztuan zabaldu zen batzokia Urduñan. Frontoiko inaugurazio ekitaldian EABko kide zen Polixene Trabuduak bere lehen mitina eman zuen. Berak kontatua da, nola aurkeztu zion bere burua Lauaxetari, gaixorik zegoen emakumearen ordez berba egiteko. Polixenek orduan 18 urte baino ez zituen.
Urduñan 1931ko azaroan, euren araudia gobernadoreak onartu ostean, eratu zen Emakume Abertzale Batza, eta zuzendaritza izendatu: Margarita Plagaro Salazar presidenta, Adela Urrutia Lejarza presidentaorde, Adelaida Badillo Mendia idazkari, Miren Elexalde Uria idazkariorde, Maria Jesus Olazaran Olabuenaga diruzain, eta Maria Uribarri Tribisarrospe, Maria Teresa Zubizarreta Lekanda eta Petra Pinedo Retes bokalak. 1932an Miren Elexalde zen presidentaordea, Adelaida Badillo Mendia idazkaria eta Kontxita Izaga diruzaina. Ordurako ehun baino gehiago ziren afiliatuak.
1932ko azaroan, ekitaldi aberkoia ospatu zen Urduñan, Sabino Aranaren heriotzaren urteurrenean; 400 abertzale inguru elkartu ziren. Ekitaldia Batzokiko orkestraren interpretazioz abiatu zen. Margarita Plagarok aurkeztu zuen egun horretako hizlaria: Ebi Barañano Abendaño. Ebik, Sabino Arana Urduñako Jesuiten Kolegioan ikasia zela-eta Jesusen Lagundiari laudorioak egin zizkion. Horrez gainera, Abertzaletasunaren egoeraz eta emakumearen zereginaz ere jardun zuen. Amaieran, oso txalotua izan zen emakume amurrioarra.
Euzkadik dio, 1932an, batzoki berriaren inaugurazioaz batera, EAB taldearentzako espazioa ere zabaldu zela. 1932ko abenduan kartzelaratu zuten Haydee Agirre EABko mitinlaria, Urduñako mitinean esandakoagatik. Sasoi berean, Urduñako 12 abertzale eraman zituzten Larrinagako espetxera.
Bestalde, Urduñako EABk oparien erakusketa antolatu zuen, 1933ko Errege egunean umeen artean banatzeko. Gaztetxoen irakasleak eta oparien banaketako arduradunak ziren: Gabriela de la Encina Lauzirika, Maria Jesus Itzaga eta Maria Esperanza Badillo-Mendia.
Gizarte gaiak garrantzizkoak ziren EABrentzat. Horren erakusgarri da Bilbon 1934an ospatu zen Gizarte Laguntzako kongresuan parte hartzea Urduñako Emakume Abertzale Batzak.