ERAKUSKETA IBILTARIA
Emakumeak Aberria Eginez. Galdakao
Emakume Abertzale Batza (EAB) 1922an sortu zen, Euzko Gaztedi-ren babesean eratutako emakumeen talde gisa. Hasieratik bertatik, EABk erakutsi zuen emakumeen erantzukizunen artean bazirela aberriaren aldeko zabalkundea egitea, eta hezkuntza-, elkartasun-zerbitzuak zein gizarte-laguntza eskaintzea. Hala, mugimendu feminista horrek euskal emakume abertzaleak ahaldundu zituen, eta eragin handia izan zuen emakumeen ondoko belaunaldietan eta abertzaletasunean. Hogeita lau panelek osatzen dute erakusketa, gaikako sei multzo handitan banatuta. Multzo horietan, elkartearen ibilbide osoko lana eta pentsamoldea jasotzen dira: 1) EABren hasierak 2) EABren loraldia; 3) «Jaungoikoa eta Lagi Zarra» (JEL) doktrina; 4) EAB eta hezkuntza; 5) EAB eta gizarte-laguntza eta 6) EAB gerran eta erbestean.
Galdakoko Emakume Abertzale Batza taldea 1932an eratu zen, abuztuaren 27 eta 28an izan zituzten abiatzeko ekitaldiak. Galdakaon, gainontzeko taldeen antzera, ez zuten aukerarik izan Bigarren Errepublika aldarrikatu zen arte. Antolatu ziren ekitaldietan, lehenengo eguna txistularien alardearekin hasi zen, Miren Nekane Legorburuk hitzaldia egin zuen, eta Ramon Labordak abestu zuen Jose Egileor musikoak pianoan lagunduta. Hurrengo egunean, igandean, meza eta banderaren bedeinkapena egin ziren; bertan bedeinkatu ziren banderak, Conchita Escobar Linaza eta Eli Bustintza izan ziren amabitxi-aitabitxiak. Ostean, bazkaria, mitina, ezpatadantzarien alardea eta erromeria izan ziren.
Galdakoztarra zen Monika Lekunberri Uriona, Euzko Ikastola Batzak Galdakaon zabaldu zuen ikastolako andereñoa. Galdakaoko izan zen Bizkaian abiatu ziren 14 ikastolen artekoa, gerora Karmelo Leizaola izena eman zioten.