ERAKUSKETA IBILTARIA
Estu eta larri. Con el agua al cuello
“Estu eta larri. Con el agua al cuello” erakusketa osatzen dute 12 panelek eta 400etik gora irudi jasotzen dituzten bideoek. Gehienak dira orain arte sekula ezagutzera eman ez diren irudiak, Euskadi osoak eta Bilbok uholde haietan bizi izan zuten ikara argi eta garbi erakusten dutenak.
1983ko abuztuaren 26an, Bilboko Aste Nagusia 24 ordu eskasetan igaro zen jai giroan murgilduta egotetik ezbeharraren mende egotera. Metro karratuko 600 litroko ur-erauntsia erori zen hirian, inguruetako mendi-hegalak, zuhaitzak eta eraikinak suntsituz; bost milatik gora ibilgailu suntsituta geratu ziren eta hainbat lantegi goitik behera kaltetuta. Giza galeren balantzean, ezbeharrak 34 hildako eta bost desagertu utzi baitzituen. Euri-jasak Gipuzkoan hasi ziren eta kontrolik gabeko uholdeak ekarri zituzten. Ondoren, Bizkaian zabaldu ziren, ordura arte sekula ezagutu izan ez zen indar suntsitzailearekin.
Ezbeharra bost puntutan hasi zen, baina bereziki Aiaraldean eta Busturialdean. Arrigorriagak eta Laudiok “tanta hotzaren” lehen erasoak sufritu zituzten, inguruko mendien magalak eraitsiz eta Nerbioi ibaiaren emaria bortizki elikatuz. Ibaia, Bilborako bidean, industria eta eraikinen hondakinak lokatzarekin nahastuta eraman zituen eta Bizkaiko hiriburura iritsi zen, hiria paisaia apokaliptiko bihurtuz.
Busturialdean, Bermeo erabat suntsituta eta guztiz isolatuta geratu zen hiru egunetan. Inguruko mendiek Artigas ibaira isuri zituzten beren ur guztiak, kontserba lantegien eraikin zatiekin, ibilgailuekin, kaleko altzariekin eta bidean aurkitzen zuten guztiarekin batera. Urek Lamerako parke osoa hartu zuten Kasinoaren zimenduak ahulduz. Izan ere,enbatak zekarren indarrarekin Kasinoaren egiturak ezin izan zion eutsi.
Nerbioi ibaiaren olatu hilgarriak, Bilborako bidean, Ibaizabalen emariarekin bat egin zuen, bere indar suntsitzailea biderkatuz. Lehenengo ondorioa izan zen La Peña auzoaren zati handi bat suntsituta geratzea. Areatzan jaietarako jarri ziren txosnetako mekano-hodi egiturak burdin-pilaketa bihurtu ziren, eta ikuskizun makabroa areagotu zuten. Ibaien ibilguaren arrasto guztia Alde Zaharrean murgildu zen urpean, eta metro erdiko lohia eta hondakinak utzi zituen.
Baina ordura arte aurrekaririk izan ez zuen ezbehar handi haren erdian, elkartasunezko mugimendu handi bat sortu zen. Bertako eta kanpoko milaka lagunek bat egin zuten eta hurrengo asteotan buru belarri ekin zioten garbitzeko eta berreraikitzeko lanari. Elkartasunezko borondate berbera Estatu osora zabaldu zen eta langileak eta ekipoak iritsi ziren lanetan laguntzeko. Erakundeek beren langile guztiak mobilizatu zituzten eta materialak jarri zituzten boluntarioentzat eskuragarri. Osasunerako eman zitezkeen arriskuak ikusita, tetanoaren kontrako txertoak jarri ziren.